Zereginen Ikaskuntza Gela

Hezkuntza premia bereziak dituzten eta Irakaskuntza Ertaineko eskolatze arruntean sartzeko baldintzak betetzen ez dituzten pertsonei zuzenduta; lan mundura edota heldutasunera heltzeko prestakuntza sustatzen duen trantsizio programa da.
Ikaskuntza funtzionala da gela hauen gakoa. Garrantzitsua da gizartean ahalik eta parte-hartze handiena izatea ahalbidetuko dieten trebetasunen eta zereginen irakaskuntzari lehentasuna ematea. Funtzionaltasun-maila zein ikaskuntza-motak erabaki beharko dira, eta pertsona batek ingurune desberdinetan (eskola, aisialdia, elkartea, etxea, etab.) autonomiaz moldatzeko zein trebetasun behar dituen, gaur egungo egoera nahiz etorkizunean ezagutuko dituen inguruneak kontuan hartuz.
Programa honek, ondorengo ezaugarriak jasotzen ditu:

  • Helduarora igarotzeko prestakuntza eskaintza bat da, hezkuntza premia bereziak dituzten eta derrigorrezko eskolatze aldia amaitu ondoren Oinarrizko Lanbide Heziketara sartzen ez diren ikasleak bizimodu aktiborako prestatzea helburu duen programa da.
  • Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ematen da.
  • Ikasleak gehienez lau ikasturtez egongo dira, 20 urte arte. (16 urtetatik 20 urte arte) Salbuespen gisa, eskolaldia 21 urtera arte luzatu daiteke, betiere, ikaslearen behar eta gaitasunak kontuan hartuta.

Hau guztia abipuntutzat hartuta, eta programaren egiturari dagokionean, ikaslearen egoera pertsonalaren, hezkuntza eta komunitate-testuingurua eta lan mundurako aukeren arabera, bi heziketa ziklotan eta lan hastapeneko praktika fase batean banatzen dela azpimarratu behar da.

  • 1.zikloa (16-18 urte artekoak) – oinarrizko ikaskuntzak (4 eremu)
    • Komunikazioa / autonomía pertsonala / gizarte trebetasunak eta gizarteratzea/ lanbide orientazioa
    • Oinarrizko zereginak ikasteko lan zehatz eta errealak erabiltzen dira. Antolamendua modu askotakoa izan daiteke, lanbide-perfil jakin batzuetako oinarrizko trebetasunak lantzeko balio duten tailerrekin adibidez (Hizkuntzak (bulego lana), baratza, sukaldaritza, egur tailerra, irratia, erosketak, etab.)
  • 2.zikloa (18-20/21 urte artekoak) – ikaskuntza espezifikoak (3 eremu)
    • Autonomia pertsonala eta komunikazioa / gizarte trebetasunak eta guzarteratzea / berariazko ikaskuntza profesionalak
    • Bigarren zikloa oinarrizko ikaskuntza batzuk ongi finkatuta dituzten gazteei zuzendutakoa da, lanbide-perfilarekin zerikusia duten berariazko ikaskuntzak sakontzeko: gazteei lan munduan sartzen laguntzea, lanbide bat burutzeko teknika eta ezagutzetan trebatuz.
  • Lantokiko prestakuntza
    • Bigarren zikloa eta lan-mundua lotzen ditu. Lantokietan praktikak burutzeko aukera ematen. Hezkuntza-premia berezien mailak ezarritako baldintzak kontuan hartuta, praktikak Enplegurako Zentro Berezietan, Lanerako Zentroetan edo enpresa arruntetan egin daitezke.

Aipatutako zikloen iraupena, honako irizpideen araberakoa da:

  • Ikasleen adina eta ezaugarriak
  • Enplegurako baliabideak