Hezkidetza Proiektua
Olazabal Institutuan gai honen inguruan lan egiteko beharra sentitu dugu azken urteotan. Horretarako aktibitate ezberdinak garatu dira irakasle, ikasle eta gurasoekin genero indarkeriaren gaia tratatu eta prebentzioa lantzeko asmoz.
Hezkuntza Sailak, emakume eta gizonen arteko berdintasun printzipioa sustatzeko politika publikoen beharraz jabeturik, “Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana” jarri du martxan. Plan honen barruan Ikastetxeei Hezkidetza Plan propioak definitzeko aukera eskaini die, eta posibilitate hori baliatuz Olazabal Institutuak proiektu hau aurkeztea erabaki du.
Lehen aipatu den moduan, Hezkidetza Plana abian jartzeko unean ez gara hutsetik hasiko. Institutuak badu bide polit bat egina, baina lan honetan sakontzeko eta modu sistematikoago batean antolatzeko premia ikusten dugu. Gauza asko egiten ari gara dagoeneko, baina planteamendu global batetik ikusteko beharra dugu, egoeraren analisi zehatzago batetik abiatuta, gure indarguneak zeintzuk diren definitu eta ditugun gabeziak identifikatu, azken hauetan inziditzeko eta hezkidetzan oinarritutako eskola baten bidea aurkitzeko.
Hortaz, aurrepausuak eman ondoren eta pasa den ikasturtean Elkarbizitza Behatokian egindako lana aprobetxatuz, aurten ere Hezkidetza Planari ekingo diogu ikasle, irakasle eta gurasoen ekarpenak kontuan hartuz.